2020(e)ko ekainaren 15(a), astelehena

“Pandemia garaia, elkartasun garaia"





Hiru hilabete igaro dira alarma egoera ezarri zenetik. Haren ondorioz, herritar guztiek beren etxeetan sartu behar izan zuten, eta gure inguruko bizimodua aldatu duen berrogeialdia hasi zen.

Konfinamendu aldia, bakartze soziala, askatasunen galera, 0, 1, 2, 3 deseskalatze faseak... egunero erabiltzen ditugun kontzeptuak dira dagoeneko. Eta, orain, ‘normaltasun berria’ etorri zaigu: aurretik pentsaezinak ziren distantziak eta higiene neurriak, errutinen aldaketa, gure bizitzak berrantolatzeko moduari buruzko ziurgabetasuna.

Oraintxe konturatu gara zeinen garrantzitsuak diren harremanak, zeinen garrantzitsua den maite ditugun pertsonekin hitz egitea, gure auzoko bizilagunak agurtzea edo erosketak arriskurik gabe egitea.

Alabaina, pertsona guztiek ez dituzte modu berean jasan pandemiaren eraginak; aitzitik, zaurgarrienek zailtasun handiagoak izan dituzte pandemia gainditzeko: jateko diru sarrerarik izan ez duten familiak, laguntza sare sozialik edo arreta eman diezaieketen senitartekorik ez duten gaixoak edo adinekoak, eskolak jarraitzeko baliabide teknologikorik ez izateagatik bat-batean ikasi ezin izan duten adingabeak, adingabeen zaintzak gaina hartu dien eta lanera joan ezinda geratu diren guraso bakarreko familiak, eguneko 24 orduetan elkarrekin bizi behar eta etxebizitza txikiak dauzkaten familiak...

Baina arazoak daudenean, aukerak ere sortzen dira, eta osasun krisi honek elkartasun uholdea ere eragin du. Pandemiak bultzatuta, zailtasun horiei guztiei aurre egiteko elkartasun sareak sortu dituzte Bilboko hainbat auzotako bizilagunek.

Auzoan aritzen garenok inoiz baino koordinatuago egon behar izan dugu, zailtasunak hautemanez eta guztion artean horiek guztiak ahalik eta ondoen konpontzen saiatuz.
Lehendik zeuden sareek elkarrekin aritu behar izan dute lanean, eta elkarrekin antolatu dira osasun krisi honek ekarri dituen ondorioei aurre egiteko.

Gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko Zorrotzako lantaldetan irmo sinesten dugu Zorrotza auzo batua eta borrokalaria dela, eta, zalantzarik gabe, krisialdi honetatik atera egingo dela, indartsuago eta auzokoekin konprometituago atera ere.

Birus honek gure lan egiteko modua aldatzera behartu gaitu, kontaktu fisikoa saihestera eraman gaitu, sormenezkoak izatera, eta pertsonengana beste bitarteko batzuekin iritsi behar izatera: bideodeiak, telefono bidezko harremanak, jarduera birtualak… ‘Normaltasun berri’ honetan, segurtasun neurriekin bada ere, kontaktu pertsonala izaten hasi behar dugu berriro; urratsez urrats, errutinetara itzuliko gara. 

Ez dakigu datorren ikasturtea nolakoa izango den, baina, zalantzarik gabe, datorrenari aurre egiteko prest egongo gara.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina