elkartasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
elkartasuna etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko ekainaren 15(a), astelehena

“Pandemia garaia, elkartasun garaia"





Hiru hilabete igaro dira alarma egoera ezarri zenetik. Haren ondorioz, herritar guztiek beren etxeetan sartu behar izan zuten, eta gure inguruko bizimodua aldatu duen berrogeialdia hasi zen.

Konfinamendu aldia, bakartze soziala, askatasunen galera, 0, 1, 2, 3 deseskalatze faseak... egunero erabiltzen ditugun kontzeptuak dira dagoeneko. Eta, orain, ‘normaltasun berria’ etorri zaigu: aurretik pentsaezinak ziren distantziak eta higiene neurriak, errutinen aldaketa, gure bizitzak berrantolatzeko moduari buruzko ziurgabetasuna.

Oraintxe konturatu gara zeinen garrantzitsuak diren harremanak, zeinen garrantzitsua den maite ditugun pertsonekin hitz egitea, gure auzoko bizilagunak agurtzea edo erosketak arriskurik gabe egitea.

Alabaina, pertsona guztiek ez dituzte modu berean jasan pandemiaren eraginak; aitzitik, zaurgarrienek zailtasun handiagoak izan dituzte pandemia gainditzeko: jateko diru sarrerarik izan ez duten familiak, laguntza sare sozialik edo arreta eman diezaieketen senitartekorik ez duten gaixoak edo adinekoak, eskolak jarraitzeko baliabide teknologikorik ez izateagatik bat-batean ikasi ezin izan duten adingabeak, adingabeen zaintzak gaina hartu dien eta lanera joan ezinda geratu diren guraso bakarreko familiak, eguneko 24 orduetan elkarrekin bizi behar eta etxebizitza txikiak dauzkaten familiak...

Baina arazoak daudenean, aukerak ere sortzen dira, eta osasun krisi honek elkartasun uholdea ere eragin du. Pandemiak bultzatuta, zailtasun horiei guztiei aurre egiteko elkartasun sareak sortu dituzte Bilboko hainbat auzotako bizilagunek.

Auzoan aritzen garenok inoiz baino koordinatuago egon behar izan dugu, zailtasunak hautemanez eta guztion artean horiek guztiak ahalik eta ondoen konpontzen saiatuz.
Lehendik zeuden sareek elkarrekin aritu behar izan dute lanean, eta elkarrekin antolatu dira osasun krisi honek ekarri dituen ondorioei aurre egiteko.

Gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko Zorrotzako lantaldetan irmo sinesten dugu Zorrotza auzo batua eta borrokalaria dela, eta, zalantzarik gabe, krisialdi honetatik atera egingo dela, indartsuago eta auzokoekin konprometituago atera ere.

Birus honek gure lan egiteko modua aldatzera behartu gaitu, kontaktu fisikoa saihestera eraman gaitu, sormenezkoak izatera, eta pertsonengana beste bitarteko batzuekin iritsi behar izatera: bideodeiak, telefono bidezko harremanak, jarduera birtualak… ‘Normaltasun berri’ honetan, segurtasun neurriekin bada ere, kontaktu pertsonala izaten hasi behar dugu berriro; urratsez urrats, errutinetara itzuliko gara. 

Ez dakigu datorren ikasturtea nolakoa izango den, baina, zalantzarik gabe, datorrenari aurre egiteko prest egongo gara.





2020(e)ko apirilaren 2(a), osteguna

Bilboko elkartasun sareak



Bilboko auzo ezberdinetako auzokideek elkartasun sareak sortu ditugu Coronavirusak ekarri dituen eta ekarriko dituen mehatxu guztiei aurre egiteko asmoz.

Auzo bakoitzeko sareak antolaketa eredu ezberdin bat dauka baina denek helburu komun bati erantzuten diogu: era kolektibo batean antolatzea krisi sanitario honek dakartzan ondorioei erantzun komunitario bat emateko eta egoera hau auzokide guztientzako eramangarriago egiteko.

Ekimen honek osasungintzako langileekin harreman zuzena du, auzo bakoitzean maila ezberdinetako inplikazioarekin, protokoloen onespenetik hasi eta protokoloen sorrerara artekoak. Horrela, egiten diren ekintza guztiek segurtasun bermeak errespetatzen dituztela ziurtatzen dugu, honek egoera honi konponbidea emateko duen garrantzia ulertuta.

Era honetan, sareak helburu zehatz hauekin antolatu dira:

– Familie euren seme-alaben zaintzan laguntzea, gurasoak euren lan-postuetara joan behar izatekotan, baita aisialdirako baliabideak eskaintzea ere.

– “Arrisku talde” diren eta beraz, etxetik atera behar ez diren pertsonei laguntza eskaintzeko. Erosketetan, errekaduetan, maskoten zaintzan, zakarra jaisten…

– Egoera honengatik lanik eta ingresurik gabe aurkitzen diren pertsonei laguntzea

– Egoera honek langileen eskubide urraketetan ez eragiteko borrokatzea. Langileei babesa eta informazio legala ematea eta eman daitekeen edozein eskubide-urraketetan erantzun politiko bat ematea.

2020(e)ko martxoaren 20(a), ostirala

Guztion Artean Elkartasun



"Guztion artean elkartasun" sare antolatua da. Erakunde publikoen, Gurutze Gorriaren, Caritasen, hirugarren sektore sozialeko sareen sarearen (Sareen Sarea) eta boluntariotzako agentzien arteko lankidetzatik sortua, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Boluntariotzaren Euskal Kontseiluan artikulatuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gidaritzapean. 

Laguntza formala (instituzionala), telelaguntza-zerbitzuaren eta telefono zentralizatu baten bidez (945 222 222), eta herritarren elkartasun antolatua bateratuz eta koordinatuz, osasun publikoko arduradunen eta Lehendakaritzaren ezinbesteko lidergotik.