balioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
balioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022(e)ko ekainaren 9(a), osteguna

Lou

 

Lou, Pixarren eskola-jazarpenari buruzko film labur bat da, hausnarketara gonbidatzen gaituena. 

Galdutako objektuen kaxa batean bizi den munstro batek haur bati aurre egin beharko dio, eskolako ikaskideei bullyinga egin eta jostailuak lapurtzen baitizkie. 

 Familian ikusteko eta gai honi buruz hitz egiteko. 

2022(e)ko urtarrilaren 10(a), astelehena

Ipuinak eta sexu-hezkuntza

 

Familiok jaiotzen garenetik laguntzen diegu seme-alabei garapenean zehar, eta haurtzarotik kontzienteki egin dezakegu sexu-heziketa. Ipuinek irudimenaren eta adimen emozionalaren garapena sustatzen dute, eta balioen eta ezagutzen transmisore indartsuak dira. Tresna zoragarria dira, berezko jakin-mina hartzeko aukera ematen diguna, elkarrekin irakurtzeak istorio bakoitzetik sortzen diren hariei tiraka hitz egiteko aukera ematen digu. 

Hurrengo materiala haurrentzako 63 ipuinen eta familian erabiltzeko 12 dibulgazio-gidaren bilduma da, eta oso baliagarria izan dakizuke. 

Egilea: Soto Guerra, Angela Kethor (2020). "75 libro para hacer educación sexual con Peques desde la familia". Oviedo. Espainiako Gurutze Gorria. CREren tokiko batzarra Oviedon. 

https://drive.google.com/file/d/1em-xyHcfswR8CfdtvOFlpRHE9Tq3w0QL/view

2021(e)ko abenduaren 20(a), astelehena

"La pizza"


Bizitza janari-plater bat bezalakoa da. Askotan osagai berberak erabil ditzakegu, baina platera ez da beti aurrekoaren antzera ateratzen. 

Gauza bera gertatzen da Nicoren eta haren ahizpa Martinaren istorioan, neska alaia eta oso berezia baita. Zoritxarrak gorabehera, elkarrekin ikasten dute bizitzaren osagai nagusiak erabiltzen, hala nola adorea eta ilusioa. 

 Adina: 7 urtetik aurrera 

 Egilea: M. Jesús Chacón Huertas 

 Ilustrazioak: Cristina Vaquero 

2021(e)ko azaroaren 15(a), astelehena

Jolas daitezela

Osakidetzak "Prescribe juego" proiektua eskaintzen digu. Psikologiaren ikuspuntutik, jolastea ezinbestekoa da haurren garapenean, eta berebiziko garrantzia du euren nortasuna eratzeko.

  • Indartzen ditu gorputzaren eta zentzumenen garapena eta koordinazioa.
  • Ikasteko modu bat da, lengoaia garatzea errazten du, eta pizgarri bat da arretari eta memoriari eusteko.
  • Garatzen ditu irudimena eta sormena.
  • Tresna aparta da komunikatzeko eta sozializatzeko. Aukera ematen enpatia garatzeko eta elkar hobeto ezagutzeko.
  • Areagotzen ditu gozamena eta gogobetetasuna, ahalbidetzen du emozioak adieraztea eta kontrolatzea, eta ematen ditu konfiantza eta segurtasuna.
  • Laguntzen du balore etikoak garatzen eta bereganatzen; sustatzen du norberaren kontrola, eta baita jokabide-arauak onartzea ere.
Zer egin dezakegu familiok?


2021(e)ko maiatzaren 19(a), asteazkena

"Mamá se va de viaje"

 


8 eta 14 urte bitarteko haurrentzat pentsatutako ipuin honetan, Coral Herrerak zaintza partekatuaren gaia jorratzen du,  eta emakume guztiok atseden hartzeko eta denbora librea izateko dugun eskubidea ere. 

Ipuinarekin datorren Gida Didaktikoan, etxean edo ikasgelan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren gaia landu, eta amek bidaiatzeko, atseden hartu eta beren buruentzako espazio eta denbora bat izateko duten eskubidea lantzeko, guraso zein irakasleek  erabili dezaketen tresnak aurkitzen dira. 

Honako gai hauek lantzeko jarduerak proposatzen dira: kontziliazioa, erantzukidetasuna, justizia, laguntasuna, talde-lana, emozioen adierazpena, etxeko lanen banaketa ekitatiboa, adiskidetasuna eta maitasuna, enpatia eta elkartasuna, pribilegioak eta botere-harremanak, eta bikoteko eta familiako gatazken konponbide baketsua. 

Esteka honetan ikus dezakezue material guztia: 

https://haikita.blogspot.com/2021/04/mama-se-va-de-viaje-cuento-infantil-de.html#at_pco=smlre-1.0&at_si=607efb68080bd162&at_ab=per-2&at_pos=0&at_tot=5


2021(e)ko maiatzaren 13(a), osteguna

#auzoactive


Bilboko udalak uriko auzoak dinamizatuko ditu 10 eta 17 urte bitarteko gazteentzako kirol jarduera osasungarri eta doakoekin.

Auzo Active izenarekin garatuko den udal programa berri bat da, aisialdiko kultura osasungarria sortzeko asmoz, zenbait baliotan oinarritua, hala nola esfortzua, lankidetza, tolerantzia, integrazioa, adiskidetasuna edo joko garbia.

Beste erronka bat auzoetako eremu publikoa dinamizatzea da, gizartearen eta komunitatearen kohesioan aurrera egiteko estrategia gisa.

Aurreikusitako jarduerak adin txikiko guztien beharren arabera diseinatu dira, eta Bilboko barrutietako gizarte eta hezkuntzako entitateen laguntzarekin garatuko dira.

Programa apirilaren 24an hasi zen, zapatua, Ibaieder parkean (Abusu), eta astero-astero egingo da beste espazio publiko batean, aire zabalean eta kirol-jarduerara egokituta: Otxarkoagako Lozoño plaza, Eskurtze edo Floresta parkeak, eta Moraza, Zorrotza, Uzturre eta Errekalde plazak, besteak beste.

+Info

2021(e)ko apirilaren 16(a), ostirala

"Errugbia eta Balioak Zorrotzan"



Udalak atletismo-pistaren barrualdean geratzen den lursaila eta belarra atondu ditu eta errugbiko zutabe bi jarri ditu muturretan. (Zorrotzako kiroldegia)

Bilboko Udalak errugbia sustatzearen alde egiten du, nahi baitu errugbia izatea heziketako tresna eta balio positiboen sortzaile, bai eta aisia osasuntsuaren sustatzaile ere, horrek pertsonen ongizatea eta osasuna hobetzen lagun baitezakete. Horrez gain, Udalak markagailu berria jarri du Errekaldeko errugbi-zelaian eta aldagelak eta gimnasioak ere egokituko ditu.

Lan hauei esker, Universitario Bilbao Rugby, errugbia lantzen duen Bilboko klub bakarrak, entrenamenduetarako beste udal espazio bat dauka, orain arte Errekaldeko kiroldegikoa baino ez baitzuen. Zelaia, premien arabera, klubeko kategoria guztiek erabiliko dute baina, batez ere, “Errugbia eta balioak Zorrotzan” proiektua garatzeko balioko du.

2020(e)ko azaroaren 4(a), asteazkena

Wats Team

 


Behe mailako eta eskolako kirol partiduei dagokionez, oso ohiturik gaude berri txarrak entzutera. 

Hezkuntza eta balioek errealitate honi buelta emateko potera dute, kirola, inklusibo, integratzaile eta berdintasunerantz bideratzen. 

2016. Urtean, kirolean ematen/gertatzen den biolentziarekin bukatzeko, talde bat sortu zen:  Wats taldea. Esparru profesional ezberdinetako jatorria duten 25 pertsonek osatzen dute: Kiroletik, psikologiatik, biolentziaren prebentziotik, metodologia hezitzailetatik, formakuntza eta pedagogiatik, finantza mundutik, enpresa arlotik, komunikazioa eta marketinetik. 

Garatzen dituzten ekintzen artean formakuntza, kontzientziarako jardunaldiak eta Indarkeriaren aurkako telefonoa aurkitzen dira. 

Proiektua web orri honetan aurki dezakezue: 

https://www.wats.team/eu/

2020(e)ko urriaren 7(a), asteazkena

Ongizate emozionala

 



Inteligentziak, aspektu kognitibo eta intelektualez gain, beste osagai batsuk  behar ditu. Ikas-taldeko ongizatea, zein ongizate pertsonala lortzeko dauzkagun gaitasunak oso garrantzitsuak dira hazkuntza pertsonal egokia izateko eta bizitzarako proiektu osasuntsu eta orekatu bat eraikitzen lagunduko dizkigute. 

Emozionalki inteligenteak diren pertsonak, gaitasun handiagoa izaten dute bai bereak zein besteen emozioak antzeman, ulertu eta kudeatzeko. Gaitasun hau, bizitzaren parte da beraz, gure ume eta gazteei irakatsi beharreko trebetasuna. 

Bizitzarako gaitasunak ondo erabiltzen ikasteak, ongizate pertsonala eta akademikoa lortzen lagunduko die. 

Honez gain, trebetasun hauek beste balio batsuk sustatuko dituzte pertsonengan, lankidetza, autoestimu eta elkarkidetza besteak beste. Eskolan bertan edo eskolatik kanpo dituzten giza harreman guztietan erabili ditzaketen ezagutzak izango dira, beraien gogobetetze pertsonala hobetuz. 

Beraz, bizitzarako abileziak ikasten dituzten ikasleek, arrakasta, beraien ikasketetan lortzeaz gain, bizitzako arlo guztietan ere lortuko dute. 

2020(e)ko ekainaren 15(a), astelehena

“Pandemia garaia, elkartasun garaia"





Hiru hilabete igaro dira alarma egoera ezarri zenetik. Haren ondorioz, herritar guztiek beren etxeetan sartu behar izan zuten, eta gure inguruko bizimodua aldatu duen berrogeialdia hasi zen.

Konfinamendu aldia, bakartze soziala, askatasunen galera, 0, 1, 2, 3 deseskalatze faseak... egunero erabiltzen ditugun kontzeptuak dira dagoeneko. Eta, orain, ‘normaltasun berria’ etorri zaigu: aurretik pentsaezinak ziren distantziak eta higiene neurriak, errutinen aldaketa, gure bizitzak berrantolatzeko moduari buruzko ziurgabetasuna.

Oraintxe konturatu gara zeinen garrantzitsuak diren harremanak, zeinen garrantzitsua den maite ditugun pertsonekin hitz egitea, gure auzoko bizilagunak agurtzea edo erosketak arriskurik gabe egitea.

Alabaina, pertsona guztiek ez dituzte modu berean jasan pandemiaren eraginak; aitzitik, zaurgarrienek zailtasun handiagoak izan dituzte pandemia gainditzeko: jateko diru sarrerarik izan ez duten familiak, laguntza sare sozialik edo arreta eman diezaieketen senitartekorik ez duten gaixoak edo adinekoak, eskolak jarraitzeko baliabide teknologikorik ez izateagatik bat-batean ikasi ezin izan duten adingabeak, adingabeen zaintzak gaina hartu dien eta lanera joan ezinda geratu diren guraso bakarreko familiak, eguneko 24 orduetan elkarrekin bizi behar eta etxebizitza txikiak dauzkaten familiak...

Baina arazoak daudenean, aukerak ere sortzen dira, eta osasun krisi honek elkartasun uholdea ere eragin du. Pandemiak bultzatuta, zailtasun horiei guztiei aurre egiteko elkartasun sareak sortu dituzte Bilboko hainbat auzotako bizilagunek.

Auzoan aritzen garenok inoiz baino koordinatuago egon behar izan dugu, zailtasunak hautemanez eta guztion artean horiek guztiak ahalik eta ondoen konpontzen saiatuz.
Lehendik zeuden sareek elkarrekin aritu behar izan dute lanean, eta elkarrekin antolatu dira osasun krisi honek ekarri dituen ondorioei aurre egiteko.

Gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzeko Zorrotzako lantaldetan irmo sinesten dugu Zorrotza auzo batua eta borrokalaria dela, eta, zalantzarik gabe, krisialdi honetatik atera egingo dela, indartsuago eta auzokoekin konprometituago atera ere.

Birus honek gure lan egiteko modua aldatzera behartu gaitu, kontaktu fisikoa saihestera eraman gaitu, sormenezkoak izatera, eta pertsonengana beste bitarteko batzuekin iritsi behar izatera: bideodeiak, telefono bidezko harremanak, jarduera birtualak… ‘Normaltasun berri’ honetan, segurtasun neurriekin bada ere, kontaktu pertsonala izaten hasi behar dugu berriro; urratsez urrats, errutinetara itzuliko gara. 

Ez dakigu datorren ikasturtea nolakoa izango den, baina, zalantzarik gabe, datorrenari aurre egiteko prest egongo gara.